Hegalaken Daniela Ábalos nutrizionistaren hitzaldia jasotzeko aukera izan genuen. Saioa  bazkideei zuzenduta egon zen, eta kirol nutrizioari buruzko gai oso interesgarriak landu ziren.

Hitzaldian, kirola egiten duten pertsonen artean zalantza gehien sortzen duten gaietako batzuk jorratu ziren: nola antolatu elikadura errendimendu fisikoa lantzeko, errekuperazioa eta gorputz-konposizioa hobetzeko, ohiko akatsak eta mito zabalduak saihestuz.

Danielak azaldu zuen bezala, “entrenamendua plateretik hasten da”. Jende askok astean hainbat aldiz entrenatzen du, baina ez du aurrerapenik nabaritzen, energia falta sentitzen du edo ez daki zer jan entrenatu aurretik eta ondoren. Kasu askotan, arazoa ez da ahalegin faltagatik, baizik eta nutrizio estrategia egokirik ez izateagatik.

Daniela impartiendo la charla

Ohiko akatsak

Saioaren ardatzetako bat kirol elikaduran egiten diren akats ohikoenak identifikatzea izan zen:

  • Behar baino gutxiago jatea.
  • Proteina nahikorik ez hartzea.
  • Entrenamendu aurreko eta ondorengo elikadura ez zaintzea.
  • Oinarri zientifikorik gabeko mitoetan sinestea.

Gainera, oso zabalduta dauden hainbat ideia faltsu ere aztertu ziren, adibidez: “karbohidratoek loditu egiten dute”, “gantza galtzeko oso gutxi jan behar da” edo “baraualdian entrenatzeak gantz gehiago erretzen duela”.

Danielak azaldu zuen elikadura murrizketa handiegiek errendimenduan, errekuperazioan eta baita osasun hormonalean eta hezur osasunean ere eragin negatiboa izan dezaketela; hori bereziki garrantzitsua da kirola egiten duten pertsonentzat.

Kirol nutrizioaren oinarriak

Hitzaldian kirolerako elikadura egoki baten oinarri nagusiak ere azaldu ziren:

Energia nahikoa

Gorputzak energia behar du, errekuperatzeko eta entrenamendura egokitzeko. Gutxiegi jateak nekea, errekuperazio txarragoa eta errendimendu fisikoaren jaitsiera eragin ditzake.

Proteina egokia

Otordu guztietan proteina iturri bat sartzea gomendatu zen, muskuluen errekuperazioa eta masa muskularra mantentzea sustatzeko.

Karbohidratoak

Karbohidratoak dira ariketa fisikoan energia iturri nagusia, eta ezinbestekoak dira nekea atzeratzeko eta errendimendu ona mantentzeko, batez ere intentsitate handiko edo iraupen luzeko entrenamenduetan.

Gantz osasungarriak

Bestalde, gantz osasungarrien garrantzia ere azpimarratu zen, hormona erregulazioan, errekuperazioan eta osasun orokorrean duten funtzioagatik.

Entrenamenduaren inguruko estrategia nutrizionala

Entrenamendu aurretik, bitartean eta ondoren zer jan edo edan daitekeen ere azaldu zen, errendimendua eta errekuperazioa optimizatzeko helburuarekin. Batez ere entrenamendu luzeei begira.

Suplementazioa: noiz izan daiteke erabilgarria?

Parte-hartzaileen artean interes handiena piztu zuen gaietako bat suplementazioa izan zen. Danielak azaldu zuen suplementuek ez dutela elikadura egoki bat ordezkatzen, baina egoera jakin batzuetan lagungarriak izan daitezkeela.

Ebidentzia zientifiko handiena duten suplementuen artean kreatina eta kafeina  aipatu ziren, batez ere entrenamendu karga handia dagoenean edo elikaduraren bidez behar guztiak asetzea zaila denean. Baina, beti profesional baten begiradapean.

Baraualdian entrenatzea gomendagarria al da?

Hitzaldian baraualdian entrenatzearen inguruko mito eta zalantzak ere argitu ziren. Nahiz eta jan gabe entrenatzeak ariketan zehar gantz gehiago erabiltzea eragin dezakeen, horrek ez du esan nahi epe luzera gantz gehiago galtzen denik.

Gainera, baraualdian entrenatzeak intentsitate handiko edo iraupen luzeko saioetan errendimendua murriztu dezake. Saioan azpimarratu zen bezala, benetan garrantzitsua dena entrenamenduaren bolumena, eguneroko elikadura eta epe luzeko jarraikortasuna direla.

Daniela impartiendo la charla

Ikasteko eta zalantzak argitzeko espazioa

Saioa oso parte-hartzailea eta aberasgarria izan zen. Hitzaldiaz gain, galderak egiteko eta parte-hartzaileen zalantzak eta esperientziak partekatzeko tartea ere egon zen.

Hegalaketik eskerrak eman nahi dizkiogu Daniela Ábalosi, hain modu hurbil eta argian azaldu izanagatik kirolaren eta osasunaren inguruko hain gai garrantzitsuak; baita saioan parte hartu zenuten guztioi ere. Eta gogoratu Daniela kontsulta pasatzen duela Hegalaken, hemen bere kontaktua.

Mail: danielaabalos.nutricionista@gmail.com

Telefonoa: 662 414 791